Ibilbidea

Euskal Herriko kirolariok barne-bilduko gaituen etxea eraikitzen

Ez da denbora asko igaro Euskal Herriko Kirolariak izenpean hainbat euskal kirolarik agiria atera genuenetik. Orduan, momentuko egoera baten aurrean (gizonezkoen futbol selekzioaren inguruan) geure iritzia plazaratzeko batu ginen.

Baina, kontua ez zen agiri huts batean geratu. Harremanak mantentzen saiatu, geure artean hitz egin, eta euskal kirolariok batzearen beharra ikusi genuen. Federazio, txapelketa eta selekzio ezberdinetan banatuta dihardugulako gaur egun. Ez dugu zazpi lurraldeetako kirolariok batzen gaituen egiturarik, eta kasurik gehienetan, ez dugu kirola euskal herritar gisara egiteko aukerarik.

Bide berri bat hasi nahi dugu. Kirola egitez gain, Euskal Herriarekiko sentimenduak batzen gaitu. Indarrak metatu eta geure muga eta geure baliabideekin, Euskal Herriko kirolariok barne-bilduko gaituen etxea eraikitzen gaurdanik hasi nahi dugu.

Guk geuk, Euskal Herriko kirolariok. Gure kabuz, gure erritmora, eta  guztiok batuta.